Monikari proposamena

- Presidente anderea, hemen dira Taleb presidenteordea eta Korporazioko zuzendari orokorra eta zuzendari zientifikoa.
- Ederki, sar daitezela.
Handia izanagatik, goxoa zen Gobernuko presidentearen bulegoa. Inbidia ziztada bat sentitzen zuen Antoni Taleb presidenteordeak han sartzen zen bakoitzean; izan ere, ekonomia-ministerioan zuen egoitzak ez zuen honekin zerikusirik. Berarekin batera sartu ziren bulegoan berrogeita hamar urte inguruko emakumea eta hirurogei inguruko gizona:
- Monika, hauek dira Andrea Asimi doktorea, Korporazioko zuzendari zientifikoa, eta Ben Turus jauna, Korporazioko zuzendari orokorra.
- Ongi etorri bioi. Turus jauna ezagutzen nuen baina Asimi doktorearekin ez nuen inoiz topo egin. Zer moduz dena, kafea nahi duzue? Ura badugu hemen nahi duzuenean hartzeko.
Kafe beharrik ez zuen hirukote bisitariak eta presidenteak lau aulkiz inguratutako mahai biribil bateraino gidatu zituen. Korporazioaren azken hiruhilabeteko emaitzei buruz hitz egin zuten bost bat minutuz, bileraren benetako gaiari heldu aurretik. Zegokion moduan, presidenteak erraztu zuen gai-aldatzea:
- Antonik aurreratu dit gaur aurkeztu nahi didazuena, baina ez dit gehiegi kontatu nahi izan. Aitortu behar dut jakin-min handia dudala.
- Gu ere azaltzeko gogoz gaude, egia esan – ihardetsi zuen Korporazioko zuzendariak. – Dakizun bezala, duela hogei bat urte, 2030ean , garatu genuen lehenengo Machina Oeconomiae, ordutik ekonomia ministerioan laguntzaile gisa erabili den adimen artifiziala. Esperientzia honen emaitzen laburpen bat Asimi doktoreak eta ministroak egin dezakete nik baino hobeto.
Andrea Asimik bere nagusiari buruarekin baiezkoa egin eta irribarre alaia zuzendu zion presidente andereari:
- Benek esan duen moduan, hogeita bi urte daramatzagu Machina Oeconomiae erabiltzen, gobernu ezberdinekin. Laburbilduz, hiru fase izan ditugu. Hasieran Machina aurreikuspenak egiteko erabiltzen genuen: hurrengo urteko prezioen igoera, barne produktu gordinaren bilakaera, langabezia tasa, eta abar.
Hau zioen bitartean poltsikotik pantaila bilgarri bat atera eta mahai gainean zabaldu zuen, mahaian zeuden laurok ikusteko moduan.
- Pantailan ikus dezakezue nola aurreikuspen horiek doitzen joan ziren. Hasieran hain onak ez baziren ere, bosgarren urtetik aurrera batez beste ehuneko laurogeita hamabosteko zehaztasuna izan dute eta, gainera, urte guzti hauetan estimazio-errore handienak ere oso txikiak izan dira. Hau da, aurreikuspenak beti daude benetako emaitzatik oso gertu, kasu txarrenetan ere.
Eskua gainetik pasa eta pantaila itzali zuen azalpenarekin aurrera egiteko:
- Hasierako urte horietako arrakasta ikusita pixkanaka Machina erabiltzen hasi ginen ez iragarpenak egiteko soilik, baizik eta erabakiak hartzen laguntzeko ere. Gobernuak har zitzakeen neurri ezberdinak simulatzen ziren eta haien aurrean Machinak aurreikuspen ezberdinak egiten zituen. Esaterako, simulatzen zen interesak puntu bat igota ala berdin utzita zer gertatuko litzatekeen, eta emaitzen arabera ekonomia arloko erabakiak hartzen hasi ziren Ministerioan.
Presidenteak hasperen egin eta baietz esan zuen buruaz. Gogoan zuen oposizioan zegoela izan zuela Machinaren berri eta nola bere alderdiko zientzia eta teknologia aholkulariekin hitz egin ostean erabaki zuten Machinaren kontrako iritzirik ez ematea, etorkizunean beraiek ere erabiliko zutelakoan. Andrea Asimik jarraitu zuen:
- Eta azken pausua konputazio kuantikoa eta adimen artifizialaren elkartzeari esker eman genuen: azken sei urtetan Machinak errealitatea behatu ondoren neurri ekonomikoak proposatu ditu, bere kabuz, eta gehienetan Ministerioak neurri horiek hartu egin ditu.
Antoni Taleb presidenteordeari begira esan zuen azken esaldi hau, eta honek jarraitu zuen:
- Hori da. Eta emaitzak hor daude, askotan hitz egin dugu honetaz, Monika. Azken sei urtetan izan dugun egonkortasun ekonomikoa paregabea izan da. Batez beste ehuneko bi hazi da ekonomia urtero, langabezia historia osoko minimoa da, soldatak igo egin dira prezioak baina bost puntu gehiago. Eta bitartean inguruko herrialdeak ez atzera ez aurrera egon dira eta gainera ingurumenaren gaineko eragina jaisten ari gara urtero.
- Ulertuta. Eta orain orduan zer ari zarete proposatzen, zehazki? – galdetu zion presidenteak, disimula ezinezko premiaz. Begiradaz, presidenteordeak Andrea Asimiri eskatu zion erantzuteko.
- Machinak Oeconomiaek bere kabuz ikasten du. Eskura duen munduko informazio digital guztia prozesatzeko gai da eta horretan oinarrituta Gobernu honek har ditzakeen neurri ekonomikoak proposatzeko garatu genuen. Neurri horien azken helburua gizartearen ongizatea maximizatzea da. Baina orain, bere kabuz, neurri ekonomikoez gain beste arloetako neurriak ere proposatzen ari da: hezkuntza, segurtasuna, kanpo-politika, osasuna, …
Korporazioko presidenteak hartu zuen orduan hitza, presidenteak 'Hau ez da gertatzen ari' pentsamendua burutik kendu ezin zuen bitartean:
- Ondo baderitzozue, Machinak berak azalduko digu proposamen horien atzean dagoena.
Andrea Asimik aurretik mahai gainean zabalik utzitako pantaila piztu egin zen orduan eta Machinaren irudia azaldu zen bertan. Ahots garbi eta lasaia zen Machinarena:
- Presidente anderea, 'Hau ez da gertatzen ari' pentsatzen egongo zara beharbada.
Bi ordu beranduago hiru bisitariek presidentearen bulegoa utzi zutenean, bi eskuez aurpegia estali eta begiak itxi zituen presidente andereak.
  • Visites: 292

ESCOLA D'ESCRIPTURA

ESCUELA DE ESCRITORES

ESCUELA DE ESCRITORES

EDITORIAL GALAXIA

AEELG

METODE

RESIDENCIA D'INVESTIGADORS

INVESTIGACIÓN Y CIENCIA

AELC

IDATZEN

EL HUYAR

EUSKAL ETXEA

BIBLIOTEQUES DE BARCELONA