Nanuk

Oraindik goiz zen arren, bazebilen norbait elurretan. Hura Nanuk zen; Artikoan jaiotako mutikoa.
Egunero bezala, haren huskyengana abiatu zen. Haiei jaten eman, lera prestatu eta bertara lotzen hasi zen. Laurak lerara lotu zituenean, motxila hartu, bertara igo eta oihu bat emanez, martxan ipini ziren.

Egun hartan, beste egunetan ez bezala, beste bide berri bat hautatzea erabaki zuen; gurasoek hainbestetan joatea debekatu zioten glaziarrerantz abiatuko ziren.
. . .

Bidean, glaziar haren inguruan pentsatzen aritu zen. Duela urte asko ez zela bertara joaten. Gainera, zergatik ez zioten bertara hurbiltzen utziko? Hura zen jakin mina eragiten ziona.

Orduan lerara lotuta zeuden txakurrei begiratu egin zien, eta nekatuta zeudela ikustean, geldialditxo bat egitea erabaki zuen. Txakurrak askatu zituen eta motxilan zeraman ur pixka bat eman zion bakoitzari.
Honela, denbora batez itxaron zuten, eta berriro prest zeudela ikustean, banan-banan lerara lotu zituen.

Orain, ibilaldiaren hasieran baino gehiago kostatu zitzaien martxan ipintzea, huskyek ez zutelako korrika gehiago egiteko gogo handirik. Hori horrela izan arren, haien zeharbidearekin jarraitu zuten.
. . .

Bat-batean, txakurren abiadura mantsotzen ari zela konturatu zen. Orduan aurrera begiratu zuen baina ez zen ezer ikusteko gai izan. Orduan konturatu zen; bazegoen urrutitik abiadura handian lurrean zabaltzen ari zen arrail handi bat. Gainera haiengana zihoan. Korrika, txakurrei ezkerrera mugitzeko agindua eman zien, baina haiek ez zuten inolako mugimendurik egin. Orduan, beste oihu bat eman zien, eta orduan bai, arrail izugarri hura haiengana ia-ia heldua zenean, txakurra korrika hasi ziren Nanukek agindu bezala.

Beldurrez dardarka zeuden laurak. Susto ikaragarria hartu zuten eta. Poliki-poliki, lera aurrera mugitu zuen arrail handi harekiko paraleloki. Ikusi zuen nola arrailaren beste aldean, lurra irlatxo txikietan bereizten hasia zen. Hori ikusi eta gero, hoberena bertatik ahalik eta gehien aldentzea izango zela hausnartu eta horixe egin zuten.
. . .

Izututa zegoen. Momentu batez pentsatu zuen zer gertatuko litzatekeen horrelako zerbait gertatuko balitzaie haien herrian. Guztia suntsitu, herritarren etxeak bata bestearengandik bereiziz, apurtuz… Ideia horrek hotzikara bat eragin zion gorputz osoan zehar.

Ideia zatar hori burutik kentzen saiatu zen, hori ez zela gertatuko pentsatuz. Baina bizitza ez zen horrelakoa. Bazekien beste zenbait herrialdeetan horrelako gauzak gertatuak zirela, familia asko etxegabe utziz.

Horren ostean, etxera bueltatzeko gogoa suertatu zitzaion, baina bazekien hara iritsita, hoberena glaziarrerantz abiatzea izango litzatekeela. Bazekien, bidai hura berak uste baino txarrago zihoala. Hori horrela izan arren, irribarre bat ipintzen saiatu zen, haren amak txikitatik esan bezala, irribarre batek dena konpontzen laguntzen duelako.

Orduan, aurrera jarraitzea erabaki zuen.
. . .

Haien bidea amaitzear zegoen glaziarrera heltzear baitzeuden. Orduan, laku itxura zuen gune erraldoi batera iritsi ziren. Nanuken ustetan, gertu egon beharko litzateke, baina hainbeste urte pasata zirenez, agian, bidez nahastu egin zela pentsatu zuen.

Orduan jakin zuen, ez ziren bidez nahastu. Haien begien aurrean ikusten zutena zen glaziarra. Aldaketa bakarra, urtuta zegoela zen. Dena suntsitu egin zen, paisai miragarri hura guztiz aldatuz.

Orduan pentsatu zuen munduan izugarrizko aldaketa bat gerturatzen ari zela; katastrofe bat. Bazekien, planetako toki guztietako jendeak zekiela hori. Baina benetan pentsatzen zuten besteek horrela? Edo orain arte egindako berdina egiten jarraituko zuten, momentuz, haiei ez dielako eragingo?

Begiak malkoz bete zitzaizkion, hainbeste animalia, jende…, bizi zen paradisu txuri hura betiko desagertzear zegoela jakitean. Ezin zuen sinetsi Lurrean 7450 milioi pertsona inguru egonda, soilik gutxi batzuk kezkatzea horretaz.

Momentu hartan, txakurrengana gerturatu eta esan zien:
- Benetan uste duzue erritmo honetan mundua aldatu dezakegula?
  • Hits: 365