ISTRIPU (H)UTSAK


1. KANDELAK

5 urterekin Hego Sudanetik adoptatua izan nintzen, zorte handia izan nuen; aberats familia bat “tokatu” zitzaidan eta Ginebrako luxuzko etxe batera joan nintzen bizitzera. 180º-ko bira bat eman zuen nere bizitzak, ohea beste 5 umerekin partekatzetik, ez nuen m2 bakarra ere inorekin elkarbanatzen. Bitxia da pertsona baten bizitza kandela bat pizten den bezala piztu daitekeela pentsatzea, baina gutxi batzuk daukagu hori bizitzeko zortea. Nork daki umezurztegian nirekin zeuden ume guztiak orain non dauden.

Bizitza erraza izan dudala esan dezakegu, eskola pribatu batean ikasi nuen txikitatik, jende aberatsarekin nahastu nintzen eta eskatzen nuen guztia lortzen nuen, materiala behintzat. Ikastetxe horretan nire ametsa garatzeko beharrezko jakintza jaso nuen, alabaina, txikia naizenetik bizitzaren sekretuak estalgabetzeko nahia izan dut. Zientzia arloko irakasleri eta nire jakin-minari esker, mundu horretan ibili naiz murgilduta betidanik.

Pertsona kontrolatzailea naiz, ez zait batere gustatzen gauzak nire kontrolpetik kanpo egotea, eta kontrol hori mantentzearen barruan guztia apuntatzeko beharra daukat. Orain arte funtzionatu didan teknika izan dela esan dezaket, ustekabe gutxi izan ditut bizitzan, edo beno bizitza profesionalean hobeto esanda.


Bizitzan izan dudan kolperik okerrena, 24 urte nituela etorri zitzaidan, 2063ko martxoaren 27an zehazki. Gurasoek laneko bidaia bat egin behar zuten Ameriketara, eta aireportura joan behar ziren taxi batean. Aurreko egunetan eztabaida latzak izan genituen, beraiek laborategian denbora gehiegi pasatzen nuela esaten zidaten, nik, aldiz, egun osoa lanean pasatzen zutela aurpegiratzen nien. Beraien lana eta nire izaera itxia zela eta, ez genuen inoiz harreman esturik izan, baina egun horretan bertan konturatu nintzen, beraien beharra nuela. Istripu larri bat izan zuten autoak izandako arazo tekniko batengatik, aita inpaktuan hil zen, ama, berriz, koman sartu zen, eta ez zen inoiz esnatu. Momentu hartatik, ez dut pertsonekin kontaktu zuzenik izan eta ez dut autorik ukitu.


25 urteren ostean, nork esango luke bizitzan, lehen aldiz, hain gazte itzaliko nituzkeela bakarrik urtebetetzeko pasteleko kandelak. Askok merezi dudala esango luketen arren, ez dut uste urtebetetzea bakardadean pasatzea inork merezi duenik. Atzera begiratzen jarriz, aurreko urtean agian nire desio handiena gurasoek beste auto bat oparitzea zen, aurten, aldiz, ez daukat auto baten igotzeko indarrik, eta gurasoen beharra daukat. Bitxia da pertsona baten bizitza kandeletako sua putzada batekin itzaltzen den bezala itzali daitekeela pentsatzea, baina hori ez dago konpontzerik. Gurasoekin harreman esturik ez nuen arren, gaur egun neure etxe eta familia den hori oparitu zidaten, neure laborategia. Gaur, bizirik mantentzen nauen arrazoi bakarra da. Beno, ez. Badago garrantzitsuagoa den bat; klonazioa.




2. ZORIONTASUNA

Esperimentuak ume jaio berri baten 4 klon egitean datza, hauek munduko leku desberdinetara eramango ditut, klase sozial, erlijio, zein kultura guztiz ezberdinekoak guztiak. 5 urte daramatzat familia ezberdinekin kontaktuan, eta jada aurkitu ditut hau guztia aurrera eramateko hautagai perfektuak. 001 umea Hego Sudanera joango da, munduko herrialde pobreenetakoa; bertako tribu marjinal batean biziko da, bizi kalitate eskas eta gogor batean. 002 umea, ordea, Ameriketako Estatu Batuetako leku aberatsenetariko batera bidaliko dut, San Franciscora. Familia aberats eta kristauan haziko da hau, inork imajinatu ditzakeen pribilegio guztiekin. 003 umea Siriara joango da, momentu hauetan gerraren itzalean bizi den herri txiki batera; islamaren ohiturak, zehatz-mehatz bete beharko ditu bere bizia arriskuan ez jartzeko. 004 umeak Suitzan pasatuko du bere bizitza, nigandik urrun bizi den familia baten. Bertan, aurrekoaren antzera, bizimaila altu eta eroso batera moldatuko da.


Ezkutuan eramango dudan jarduna izango da, eta ez Victor Frankesteini gertatu zitzaion bezala munstro bat ateratzearen beldur naizelako, ilegala delako baizik. Egia esanda, uler dezaket ekintza hau ilegala izatea, bizitza artifizialak gizakiaren espeziearen desagerpena ekarri dezake eta.

Esperimentu hau egiteko grina aspaldi piztu zitzaidan, nere gurasoek adoptatua nintzela esan zidatenean, hain zuzen. Milioika galdera planteatu dizkiot neure buruari momentu hartatik, baina badago bat burutik kendu ezin dudana: zein izango nintzateke ni, nere gurasoek hona ekarri ez banindute?


Esperimentu honen helburua hasteko, dna-k eta biologiak gure bizitzaren zati oso txikia direla frogatu nahi dut, eta ez askok esaten duten bezala honek determinatzen gaituela. Hortaz gain, kulturak eta klase sozialak gure bizitzan duten garrantzi izugarria azpimarratzea da nire nahia. Nire bizitza baldintzatu duen galderaren erantzunaren bila nabil, nola aldatu daiteke biologikoki berdina den pertsona baten bizitza, arrazoi kultural eta sozial sinple batzuengatik?




3. KLON-KLON

Iritsi da eguna nire ametsa aurrera eramango dudana, gaur bidaliko ditut klonazioa gauzatuko dituzten zelulak, eta noski umeek beraien bizitzako 17 urteetan soinean eramango dituzten kamerak. Premiazkoa da kameraren funtzioa, izan ere, modu horretan beraien bizitzen guztizko kontrola eramango dut nire laborategitik, George Orwellen 1984 liburu klasikoan bezala.

Ugalketa asexual baten parekidea dela esan dezakegu, klonaziorako beharrezkoa den prozesua. Denok dakigun moduan, umea era “naturalean” sortzeko ezinbestekoak dira 46 kromosomak. Hori lortzeko beharrezkoa da obuluaren 23 kromosoma, espermatozoidearen 23 kromosomekin elkartzea. Eskerrak zientzia aurrera doan! 2035ean lortu zuen lehen aldiz Mar Shileik ugalketa asexuala aurrera eramatea. Teknika berdina baliatu dut nik, baina helburu desberdinarekin.

...


  • Hits: 90

ESCOLA D'ESCRIPTURA

ESCUELA DE ESCRITORES

ESCUELA DE ESCRITORES

EDITORIAL GALAXIA

AEELG

METODE

RESIDENCIA D'INVESTIGADORS

INVESTIGACIÓN Y CIENCIA

AELC

IDATZEN

EL HUYAR

EUSKAL ETXEA

BIBLIOTEQUES DE BARCELONA