Skip to main content

BEGIRADA LAUSOA

BEGIRADA LAUSOAK
“Ikusgarria den arren, egun gaurik ezin da ikusi”. Halako amuak botatzen zizkidan aitona ehiztariak nerabetan, bere tranpan jausi nedin. Garai errebeldeak bizi nituen ikastetxean irakasle zein gelakideekiko eta halako batean, klasean astronomia ikasten ari ginela, irakaslearen konstelazio mapei su ematea otu zitzaidan. Eta nire bizitzako ikasgairik garrantzitsuena hartzeari ekin nion hilabeterako etxera bidali nindutenean.
Guraso biak iluntzeraino lanean aritzen zirela-eta, aitonarekin egotera kondenatu ninduten. Kondena askatzaile bat suertatu zen hura ordea.Eta aitonak mundua ez zuela begiratzen konturatu nintzen, hark behatu egiten zuelako ingurua. “Aurtengo San Jose loreak otsailean loratu dira eta hori, txarra da”, “inurriak urduriegi dabiltza gauza onerako”… Klima aldaketaren hitzik erabili gabe, munduaren norantzaren zantzuak atzemateko gai zen.
Santa Luzia inguruko urteko egun motzenetarako, teleskopio bat ekarri eta argi hitz egin zidan: “ Munduarekiko duzun begirada lauso hori urrutira begiratuz zuzentzen lagunduko dizut”. Ez nion ezer ulertu hasieran baina hark konstelazioen erretolikarekin jarraitu zuen: “Kasiopea, Hydra, Lyra eta beste ehundaka hor egon dira gizakia jaio aurretik eta gu desagertutakoan ere, hortxe egoten jarraituko dute. Eta zu bezalako mutiko handiuste bati, zein txikiak garen irakastea dute helburu”. Zur eta lur gelditu nintzen bere hitzekin. Errieta zen baina errieta eraikitzaile bat, unibertsoan zein gauza ezdeusa nintzen azaltzen zuena. Deseraikitzen ninduelarik, beste ni bat jaio zedin bilatzen zuen aitonak.
Munduko teknologiarik aurreratuenak eta aldi berean, xinpleenak erabiltzen zituztela teleskopioek azaldu zidan: “Ispiluak eta euren arteko ispilu-jokoak erabiltzen ditu teleskopioak bere baitan galaxien handitasuna txikitzeko”. Nik etxeko komuneko eta armairuetako ispiluak imajinatzean, hark zuzendu ninduen: “Ispilu ahurrak eta ganbilak dira, zientziarako bereziki eginak” eta segidan, bere hitz-joko jolasti batekin amaitzen zuen: “ Galaxiak gure esku ahurrean beti, haiei begira ganbil-tzala kar-kar!!”.
Aitonaren ondoan orduak eta orduak pasatzeari ekin nion, bizitza deskubrituz eta unibertsoan bizirik ba ote zen arduratuta. Entzuten eta ikusten ote gaituzte? Gure berri ba ote dute? Eta zintzoak edo gaiztoak ote dira?
Aitonak nire itaunei beste galdera batzuekin erantzuten zien.
- Eta zu, zer zara? Zintzoa edo gaiztoa? Begiratzen den ispiluaren araberakoa izango da erantzuna, ezta?
Nire barne giroa goxatzen lagundu zidan aitonarekin bizitako nire nerabetzaroko etapa hark. Eta orain, beste “barru giroei” buruzko erantzunak topatzen pasatzen dut denbora, eguraldi gizona naizelako telebistan. Delfosen orakuluaren bertsio modernizatu bat. Eta ni nintzen aintzinako “satelitea” izateari utzi eta benetako sateliteekin egiten dut lan.
Aitona ere aspaldi joan zen beste galaxia batera baina aurretik galaxien eta batez ere, bere unibertsoaren argitasun guztia igorri zidan. Bizitzarik ez genuen topatu kanpo espazioan baina barne txokoetara bizia bueltatu zidan.
Izan ere, nerabetzaroko teleskopioarekin noizbehinka leiho ondora irteten naizenean eguratsa behatzera, bere mundua ikusteko era eta mundu berrietara gerturatzeko bideak argitzen dizkidala sentitzen dut, dagoen lekutik. Eta teleskopioa eta bere barruko ispiluak leihora, ezkaratzera edo bide bazterrera mugitu arren, nik bere ispilu izan nahi dudala sentitzen dut.Teleskopioa etengabe mugitzen zuen baina gezurra zen.
Teleskopioa bere barruan zeramalako. Teleskopioek, gizakion ispilu bezala ere funtzionatzen dutelako: Beti beste norbaiten bila dabiltza, haren ondoan bizitza berriak bizitzeko.
Eta bizitzarik ba ote den unibertsoan jakin arren, aitonari esker nire barne unibertsoa bizi bizirik mantentzen dut. Izan nintzen haur hura besarkatzen jarraitzen dudalako egunero nerabetzaroko teleskopioari esker.
Begirada lausoak, beste zentzu bat nigan gaur egun. Sentimenduena.
MAISU

  • Visites: 65