Skip to main content

ADNtik jauzika

- Kaixo, non nago?
- 43. kromosomaren intron batean. Eta zu, nor zara?
- Ni “Zak” transposon sortu berria naiz. Bi hilabete besterik ez daramat eta, orain arte, 17. eta 26. kromosometatik ibili naiz.
- Hara, nik ere transposon batean daukat jatorria. “Alu” sekuentzia bat naiz. Garai batean ikaragarri zabaldu ginen kariotipo osoan zehar baina gaur egun askoz lasaiago gabiltza.
- “Alu” bat!! Azkenean topatzen zaitut. Jakin nire idoloa zarela. Nahiko nuke bai zuk beste zabaltzea.
- Tira, ez da horrenbesterako. Gainera azkenaldi honetan lasaixeago gabiltza.
- Bai, konturatu naiz horretaz ere. Eta zer dela-eta txakalaldi hori?
- Urte asko dira jada eta … Uste dut ezabatzailea datorkizula.
- Ui, egia da. Egonen gara beste batean. Pozten naiz zu ezagutu izanaz.

Boin

- Kaixo, non nago?
- 28. kromosomaren telomeroan zaude.
- Telomeroan. Ufff zein ongi!! Eskerrak! Uste dut aprobetxatuko dudala hemen izkutuan ahalik eta gehien luzatzeko.
- Zer bada? Hankasartzeren bat egin duzu zuk ere bai, ala?
- Bada bai, zoritxarrez sortu berritan gantzen metabolismoaren gene garrantzitsu samar bat inaktibatu nuen, eta, zaintzaileak berehala etorri ziren niregana. Eskerrak, lehenengo metilazioa gertatu orduko hanka egitea lortu nuela, baina, horrezkeroztik nire atzetik dabiltza atsedenik hartu gabe.
Eta zu, nor zara?
- Ni ere zu bezalako transposon bat naiz. Baina zu ez bezala, ni I klasekoa eta LTR motakoa naiz. Zure antzera ibili izan nintzen, eta eskapada ederrak izan nituen baita nik ere. Horregatik telomerora iritsi nintzenean patxada handia hartu nuen, eta horrela jarraitzen dut; berriro ere dantzan hasteko bat ere gogorik gabe.

Hilabete batzuk pasatu dira elkarrizketa horretatik. Gure bi transposonek oso harreman polita daukate, eta bertan jarraitzen dute nukleoaren gorabeherekin disfrutatzen, baina denborak luze jo badu ere, zaintzaileak temati ibili dira bazter izkutuenak ere arakatzen transposon metilatuaren bila eta azkenean berriro arrastoa hartzea lortu dute, eta bertan dituela jakinarazi diote beste behin ere.

- Aizu polita, zaintzaileak dituzu beste muturrean. Pena handia da, baina alde egin behar duzu lehenbailehen.
- Ez esan … a zer faena!! Hain gustura izan naiz zure ondoan …Tira, zer egingo diogu. Plazer handia izan da niretako, maitia.
-Baita niretako ere, bihotza. Ongi ibili, polit hori.

Boin

Klap, klap, klap, klap, klap, klap, klap, klap, klap, klap, klap …

- Txaloak al dira horiek??
- Noski txaloak direla!! Eta zuretako gainera.
- Niretako?? Zer egin dut bada horrelalo txalo-zaparrada merezitzeko?
- Erretrobirus gaizto baten erdi-erdian asmatu duzu eta seko inaktibatu duzu, hain juxtu, arazoak sortu behar zituenean.
- Pozten naiz ni ere, behingoagatik baliagarria izan naizela ematen du.
- Bai horixe.

Balentriaren berria berehala hedatu da nukleo guztitik, eta handik gutxira bertaratu zaio segika izan duen zaintzaile sutsuetako bat.

- Azkenean aurkitu zaitut.
- Hala ematen du bai. Sentitzen dut benetan sortu ditudan ezbehar guztiak. Hori bai, jakin eta sinets ezazu nahigabe izan zela.
- Denek erraten didate gauza bera. Dena den, argi dago, zure kasuan gauzak majo aldatu direla. Are gehiago, une honetan mesede ikaragarria egiten ari zara erretrobirusaren inmobilizazioarekin. Metilazioa ezabatuko dizut eta libre izanen zara berriro ere... Baina hori bai, erretrobirusa deseuztatu bitartean ezin izanen duzu lekualdaketarik egin.
- Lasai, gustura hartuko dut nik ere egonalditxo bat zuen jazarpenetik arduratu gabe.
Dena den, birusa akatu eta gero, sari gisa, 28.ren telomerora itzuli nahiko nuke.
- Hara, gure eskazalea!!
Ikusiko dut zer egiten ahal dudan … baina uste dut lortuko dudala.
- Milesker, bene-benetan.


  • Hits: 56