Skip to main content

Irulegi

Lurrazpian aurkitu daitezkeen altxorrekin beti egin izan dut amets: hor, gure oinen azpian, dinosaurioek, antzinako eraikinek, fosilek, gure arbasoen aztarnek, guztiek egiten dute elkarrekin lo. Geldi, hauts artean, itxaroten. Norbaitek aurkituko dituelakoan urteetan zehar atseden hartzen.
Lurrean metro batzuk induskatuz gero zerekin topatu gaitezkeen beti galdetu egiten diot amari. Bera arkeologoa izan zen, eta txundituta uzten nau bere istorioak entzuteak. “Arkeologia, maitea, nondik gatozen ulertzen baimentzen digun tresna nagusienetakoa da. Eta nondik gatozen jakin gabe, nora goazen ere ez dakigu. Gu osatzen gaituzten adreilutxo guztiak iraganetik datoz; pentsa ezazu: jaten ditugun barazkien adreilutxoak, gero gure parte bihurtzen direnak, lurretik etorri dira, eta lurra iragana besterik ez da. Gure Lur honetan pasa diren urte, mende eta milurtekoen aztarnak biltzen dira gure oinen azpian. Milioika urteren gainean zapaltzen dute gure oinek”.
Orain dela 38 urte amaren taldearen aurkikuntzarik garrantzitsuenari buruz maiz hitz egiten dit. Nafarroan izan zen eta Erromatar garaiko aztarnak bilatzen ari ziren, aldi askotan bezala, itxaropen ez askorekin. “Normalean bilatzen genuena inoiz ez genuen aurkitzen, noizean behin erreminta formako harriren bat edo, are hobe, metalen bat deskubrituz gero sekulako gertaera zen. Museoetan gero erakusten ziren piezak baziren, baina ez zeukaten, ez dakit nola esan, ezer bereizgarririk. Egun hartan, halere, lurrikara batek jotzen duen moduan jo gintuen lurrazpian ageri zena. Ehunka urteetan gertatzen ez den gauza gertatu egin zitzaigun”.
Amak kontatzen didanez, oraingo Nafarroako lurraldean biztanle zirenei buruz ikasteko egiten ari ziren indusketak, Irulegin. Erromatar garaiko guda batzuk izanak ziren paraje haietan, guda Sertoriarrak, kristo aurreko 82. eta 72. urteen artean, eta aztarna nahiko aurkitzeko aukera omen zeukaten.
“Egun grisa zen hura, gogoratzen dut. Ez genuen denboratxo batean azpimarragarri zen ezer aurkitu eta pittin bat nekatuta genbilen. Lurra, lurra eta lurra besterik ez zen ageri. Ni nire buruan murgilduta nengoen, momentu hartan nire eskuilatxoarekin harri baten gainazala garbitzen, eta bapatean taldekide baten oihu bat entzun nuen. Guztiak hara joateko eskatzen zigun. Zerbait bazegoela, ezberdina zen zerbait. Gutxika gutxika lurperatuta zegoen metal zatiaren forma ikuskatzen hasi ginen, eta kontu handiz ibili behar ginen pieza hori bere tokitik ateratzeko. Denbora asko pasa izan zen guztiz atera genuen arte. Brontzezko kolore berdexka zuen eta inoiz ikusi ez genuen forma: esku bat zen, bere bost hatzekin, 15 cm gutxi gorabeherako luzerarekin. Liluraturik geunden, horrelako aurkikuntzak garrantzi handia zeukala sumatzen genuen arkeologian emandako urte guzti horien ondoren”.
Eskuak idatzitako keinu batzuk zeuzkan, gaur arte oraindik argitu gabe jarraitzen dutenak. Garaiko euskeran idatzita, deszifratu den zati bakarra “Sorionekoak” hitza da, bestea misterioa izaten jarraitzen du gaur egun ere. Zorionekoak gu, etorkizunekoak? Zorionekoak garai haietakoak? Zorionekoak, bakean bizi diren haiek? Ez dakigu. Hala ere, arkeologiaren zientzian guztia ez da matematiketan bezalakoa, eta hor dago bere edertasuna. Iraganari buruzko ideiak bildu ditzakegu gure buruan, iraganari buruz ikasi, noski, baina haren ebazpen zehatza ez dugu inoiz izango. Kabu solteek gehiago ikertzera bultzatzen gaituzte, gure arbasoei buruz gehiago jakitera bultzatu, nondik gatozen hausnartzera gonbidatu. Dauzkagun altxorrei buruz konturatzen ere laguntzen digute. Hizkuntza baten edertasuna, garrantzia, aberastasuna, ondarea, eman diguna, egin gaituena. Irulegin aurkitutako eskua idatzi zuenaren lekuan jarriko ahal bagina, honek zer dioen jakiteko! Ziurrenik 2000 urte baino gehiago pasata sortuko zuen algara ez luke inoiz asmatuko. Harentzat brontzezko esku formako eskultura hori egitea naturala izan zen, norbaitek eskatu ziolako ala berarentzat egin zuelako, baina berdin dio: iraganaren sekretuak, sekretu.
Baina horri buruz hausnartuta, agian eskuak zer esan nahi digun jakitea ez da garrantzitsuena. Beharbada garrantzitsua dena gure euskera zaintzea da, beste 2000 urtez, gure arbasoek egin zuten eran. Agian 2000 urte barru norbaitek, guk gaur Irulegiko eskuarekin bezala, gaur idatzi dugun zerbait aurkituko du. Eta hizkuntza hori zein zen galdetu egingo da, historiaren baitan galdu ala mantendu eta eboluzionatu den hizkuntza.
Nire amak 38 urte ondoren arkeologia maitatzen jarraitzen du, eta nik kontatzen dizkidan pasadizoak maitatzen jarraitzen dut ere. Guri buruz ikasten baimentzen digun zientzia delako, jaso dugun ondareari buruz, izan ginenari buruz. Orain 2000 urte barru aurkituko duten hurrengo Irulegiko eskuaren edukia pentsatzen hasi behar gara, utzi nahi dugun ondarea zein den hausnartu, gure ondotik etorriko direnei utziko diegun mundua guretzat nola izatea gustatuko litzaiguken pentsatu. Eta horren arabera aurrera jarraitu.
  • Hits: 133