Skip to main content

KONTRAERASOA

Une hartan alarma guztiak piztu ziren beta gunean. Hori zen itxaroten zegoen seinalea.
Denbora galdu gabe, ilunpetan aurrera egin zuen, nahiz eta bide egokia aukeratu ote zuen erabat ziur ez egon. Bizkor zihoan, atzera begiratu barik. Espioiek eman zioten mezua ahalik eta lasterren eman behar zuen, etsaiek harrapatu eta suntsitu baino lehen; edo, are okerrago, haren kontra erabili baino lehen.
Azkenean tunela aurkitu zuen. Inolako zalantzarik izan gabe, barrura sartu zen beste aldera gurutzatzeko.
Behin etsaiaren lurraldera iritsita, berehala begietsi zuen zein bitartekoari eman behar zion mezu ezkutua. Haiek bakarrik ezagutzen zuten kode sekretu baten laguntzaz, hitzez hitz itzuli ahal izan zuten gutuna. Horrela, behin mezu argia edukita, hartzaileari bidali ahal izango zioten.
Azken bidalketa hori egiteko, postaria prest zegoen. Ez zegoen denbora askorik jada. Mezua kontu handiz bildu zuen, galtzea zaila izan zedin. Dena antolatuta zeukala, ontziratu eta ur bareen artean nabigatzen hasi zen. Lehenbailehen entregatu behar zuen, inolako eragozpenik gabe.
Planak funtziona zezan, paketearen mezua kanpora askatu behar zuen. Eta hara zihoen zalantzarik barik.
Mugara iritsi zenean, paketea ireki eta azkar askatu zuen edukia.
Pixkanaka-pixkanaka, odoleko glukosa mailak egonkortzen hasi ziren. Intsulinak egina zuen bere funtzioa. Pankreako zelularen organulu guztien lankidetza ezinbestekoa izan zen alarma seinaleari erantzuteko.
Momentuz, arnasa hartu eta atseden har zezaketen. Gutxienez, beste seinale batek beste inork baino azkarrago eta eraginkorrago erantzutera behartu arte.
  • Hits: 105