Skip to main content

Erabakitzeko garaia


- Bihar da aukeraketa egiteko azken eguna!

Esaldi horrek barrenak nahastu zizkidan, zer aukeratuko dut? Zer da gehien gustatzen zaidana? Edo zein da errezena niretzako? Alde batetik, Biologia eta Fisika eta Kimika eta beste aldetik, Ekonomia eta Latina. Zientziak zailagoak eta letrak errazagoak direla esaten dute, baina zeren arabera erabakitzen da erraztasuna? Nik ez dakit zertan oinarritu errazagoa zein den esateko…

Tutorearekin bildu naiz. Bera zientzietako irakaslea da eta nire kezkak plazaratu dizkiot:

- Zuk zergatik erabaki zenuen zientzietako bidea hartzea, zailagoak izan arren? - galdetu diot zuzenean.

- Zergatik diozu zailagoak direla? Zailtasuna bakoitzaren araberakoa da, eta gainera, gogoko lekuan aldaparik ez esaten dute, ezta? Zientziek egunerokotasunean bizi ditugun esperientziak ulertzeko aukera eskaintzen digute - plazaratu dit tutoreak.

- Bai, esaldi hori asko errepikatzen duzue, baina, gero ez dut guzti hori ikusten nire bizitzan… - adierazi diot zalantzati.

- Nola ezetz? Begira, bergogoratu aurten Biologian landutako gaiak! Anatomia eta fisiologian, gure gorputzeko aparatu eta sistemen funtzionamenduak landuz, gure gorputzaren berezitasun eta kuriositateren bat ezagutuko zenuen, ziur! - erantzun dit tutoreak tinko.

- Egia, iraitz aparatua iruditu zitzaidan interesgarriena, nire izeba dialisia egitera doanean zertan laguntzen dion ikasi nuen! Jo, eta horrela askoz hobeto ulertu nuen nola sentitzen den… - aitortu diot nik.

- Ederto, noski, ez da soilik gure burua ezagutzeko modua, baizik eta gure ingurukoak eta ingurua ezagutzeko bidea ere! Eta inguruan zentratuz, gogoratzen duzu 1.ebaluaketan kate trofikoei buruz ikasitakoa? Gogoratu Fruizetik pasatzen den Butroi ibaira egin genuen landa-irteera! - erantzun dit berak.

- Ze ondo pasatu nuen! Guztiz bustita bukatu nuen, baina, merezi izan zuen! Zapatariak ur gainean mugitzen ikustea izugarria izan zen! - esan diot irribarretsu.

- Guztiz ados! Gainera, laborategian egindako uraren azterketan ere agertu ziren espezie bereziak! Gogoratu portan ur tantatxo txiki bat jarrita ere, begi bistaz ezer bereizten ez zen arren, zelako sorpresa mikroskopioaren okularrean begia jartzerakoan… paramezioak mugitzen! Bueno, begia ondo kokatu eta ondo enfokatu ondoren, noski! - azaldu dit tutoreak.

- Orain oroitu dut espezieen arteko harremanei buruz egindako lana ere! Asko gustatzen zaidan Nemo pelikula beste ikuspuntu batetik ulertzen eta interpretatzen hasi nintzen! Berriro ikusi nuen lana egin ondoren! Nemo, anemona, … Denak zentzua dauka, e? Kar, kar, kar… - esan dut barreka.

- Beraz, zientziak edo letrak, letrak edo zientziak? Gaur aukeratu behar, noski! Baina, gogoratu elkarlanean aritzea dela hemen gakoa! Nola zabalduko ditugu zientziak mundura? Letren bidez gorpuztea da gakoa, ez duzu uste?

2023an, oraindik, zientzien eta letren arteko lehian murgilduta bizi gara; izan ere, hauetako bat gustuko izateak, bestea gustuko ez izatea dakar zeharka edo, behintzat, hori da askotan barneratuta daukaguna. Baina, zergatik ez da posible hauek biak uztartuz bizitzea? Bizi garen gizarte honetan, etengabeko aukeraketa prozesuz josita gaude, baina aukera horiek ez dizkigute soilik zuri eta beltzak diren egoerek aurkezten, milaka bide daude dagoeneko eraikita, baina beste hainbeste eraikitzeke. Beraz, prest zure bidea ibiltzeko?
  • Hits: 108