Skip to main content

Historiaren lilura

HISTORIAREN LILURA

Paristik heldu berria zen, baina ez zuen bidaia berriaren hasiera atzeratzerik nahi. Ama agurtzera joatea premiazkoa zen, ordea. Baita hark emango zion dirua jasotzea ere. Amarenean, Markinan, bukatu zituen Nicasio Landa mediku militar nafarrak idatzi zituen Afrikako gerraren oroitzapenak. “Espainolek Tetuan ebakuatu berri diate eta ez diat uste ideia ona denik orain hara joatea”, amak. “Parisen ikasi dudanarekin Ekialdekoa naizela esango dut, egon zaitez lasai”. Karlistadetan militar ibili zenean kezkatuta ibili bazen, abenturazale bihurturik Afrikan barrena joango zela esan zionetik arduratuta zebilen Ambrosia anderea, ikara aiurri gogorpean ezkutatzen bazuen ere. “Ali Bey haizelakoan, ala?”, egin zion iseka. Pare bat hilabete ondoren lehenengo gutuna iritsi zitzaionean, ordea, semeak Domingo de Badía-k baino identitate gehiago zituela berretsi zuen: gehienetan, Bagdad-eko Mohamed zela esaten zuen; judutarrek, berriz, don José deitzen zioten; eta lagun artean berorrek hautatutako goitizena erabiltzen zen: “moro bizkaitarra”.

***

“Prehistoriako emakumeak eta artea” esku-artean zuen artikulua bukatzeko asmoz, Nina Simone-ren konpainian gosaldu ondoren, Bidebarrietako liburutegira jeitsi zen. Kontsultarako eskatu zituen dokumentuak jaso eta mahaira bueltatuta, eskatu ez zuen liburu bat eman ziotela konturatu zen. Bueltatu aurretik, zabaldu egin zuen eta barruan eskuz idatzitako orri batzuk zeudela ikusi zuen. Berehala jo zion batek begia, forma borobilduko hizki bitxiak zeuzkan eta. Eskuan hartu eta gutun bat zela ohartu zen. “Tanger, 1863ko uztailaren 8a.” Hizki borobildu haien azpiko testua irakurtzeari ekin zion. Atzo iritsi nintzen usain txarreko hiri zikin hontXXa. Letra ez zen erraz irakurtzen, batez ere papera urratuta zegoen lekuetan. Guk hasitako gerraren ondorioz XXXXXXXXXX oraingo sultanak bere aita Abdel Rahmanek baino zailtasun handiagoak izango omen ditu, hala diote behintzat kafetegXXX narrazetan “kif” delakoa erretzen egoten diren gizonek. Emakume pare bat besterik ez dut ikusi heldu naizenetik, laguntzeko eta prestigioa eman dadin erosi dudanaz aparte. “Baina zer demontre da hau!” Galdera piloa burura zetorkiola begiek sinadurara jo zuten: “El Hach Mohamed El Baghdady.” Eta azpian, parentesi artean: “El Moro Vizcaíno.”

***

Aita Lertxundik paper zati batean idatzi zizkion bere bi ezagunen izenak, baina buruz ikasteko gomendatu zion. “Bidelapurrek buruan daukaana ezingo diate kendu”. Alliance Israélite Universelle-aren eskolan lan egiten zuen maisu batek ere hegoaldera jo behar zuen, eta elkarrekin abiatuko zirela adostu zuten. Egun osoa asto gainean igaro ondoren, Mulei Abdeslam santu mirestuaren mausoleoa gordetzen zuen herrixkara heldu ziren. Biharamunean, esnatu orduko, Moisés ez zen ageri. Ez zioten eltxoek lo askorik egiten utzi, eta gorputza minduta zeukan. Mbarka-ri astoa zamatzeko esan zion. Eguerdian, mendi arteko herrixka batera helduta egonaldia egin zuten, eta bertakoek ur pixka bat atera zain zeudela, deiadar burrunbatsuak entzun zituzten. Berrogeitaka urteko andrea korrika begiztatu zuten. Odolez jositako zapia zeraman eskuan, eta beraiengana zihoan.

***

Arratsalde osoa “moro bizkaitar”ak idatzitakoak irakurtzen pasa zuen. Liburutegitik irtetzean, mugikorra hartu eta amaren hiru dei galdu eta 67 whatsapp zituela ikusi zuen. Lagunekin geratzeko asmotan zen, baina mugikorra poltsikoan gorde, eta irakurri zuen kontakizun bati bueltaka Etxebarria parkeruntz abiatu zen. Odoleztatutako zapia zeraman andreak iskanbila zetorren txabolarantz eraman ninduen, eta sartu orduko sekulako kiratsa nabaritu nuen. Lurrean, odol putzu baten erdian etzanda, haurdun zegoen emakume bat ikusi nuen. Izerditan blai zegoen, eta ez zen mugitzen. Pultsua hartzera hurbildu nintzen, eta, andre batek belarrira zeozer esan ondoren, begiak ireki zituen. Orduan, txoko batean zeuden laupabost emakume kantuan hasi ziren. Kantuek erditzen laguntzen dutelakoan daude hemen, a ze txorakeria galanta! Tresnen bila joan nintzen txabolara, zientziaz baliatuta amak eta umeak biziraungo zutelakoan; baita horrek Marokoko judutarren artean ospea areagotuko zidalakoanXXXXX Idaztekotan naizen liburuan gertakaria nola azalduko nuen pentsatzen ari nintzela, txabolatik poztasun algarak heldu zitzaizkidan. Pikutara nire fama!

***

“Jaungoikoak salba zaitzala, binti”, esan zion malkoz betetako aurpegi irribarretsuak. Binti, “neskato”, herrialde hartako inork ez zion horrela deitu sekula ere; ez zuen, behintzat, oroitzen. Atzetik besarkatu zuen andre batek, eta gero beste batek. Irrintziekin batera jaioberriaren negarra etorri zen, eta sabeletik eztarriraino igo zitzaion emozio-dardara. Umea eutsi zezan eman ziotenean, Mbarka zur eta lur geratu zen. “Beltzen herrialde”koei ez zieten umeak eusten uzten. Hadri txikia besoetan hartu orduko, sarreran norbait zegoela sumatu zuen, eta, biratu zenean, don José-ren silueta urruntzen ikusi zuen.
  • Hits: 131