Skip to main content

Azalaren azpian

Benetan nazkagarria zen usaina. Alde guztietatik. Nazka, Higuinkeria eta utzikeria.

Umore onean nengoenean, ezerk ez ninduen gehiegi hunkitzen, baina nazkagarria zen hura. Gogorarazten zidan txikitan, amonaren Matxinbentako baserrian oilo, behi eta ardien artean uda pasatzen nuenekoa . Kaka-usaina.

“Karonte” dimentsioarteko untzitik pauso sendoz jaitsi ginen, eta atera bezain pronto giroak gure jantziak zeharkatu zuen. Bidaiatzeko janzkerak, Nomex, tefloi eta kevlarezko hiru geruzaz osatuak, muturreko tenperaturak jasateko prestatuta zeuden, baina ez izugarrizko kiratsa hori.
Denboraren dimentsioa zeharkatuz atzealderantz ikustea ahalbidetzen duen programa informatikoa da, “Atzeraispilu-kuantikoa”; horrela, iragana ikusten iristen da etorkizun onargarri bateraino. Untzi askotan erabiltzen dira atzeraispiluak; “Karonten, kasu.

Gogoratu nuen misioaren parte hartzeko baldintza funtsezkoena: animaliak baino hatsagoa izatea. Iturburu kodearen programa gainditurik orain posible zen etorkizunera bidaiatu, kuxkuxeatu, eta itzuli espazio-denbora lerroa aldatu gabe. Lau dimentsioen gainetik. Itxaropentsu ageri ziren zientzialariek, izan ere, atea irekita zegoenez aukera zegoen zer egiteko bero-efektuaren aurrean.

Halere, asmakizuna oso arriskutsua zen eta albo-ondorio asko zituen, eta oraingoz ditu. Horien artean, esanguratsuena mamu-buklea beldurgarria da. Horixe gertatu zitzaion Jasoneri, nire lagun minari, une honetan, bueltaka jarraitzen du, Andromedaren eta Begi Beltzaren galaxien arteko leku ezezagun batean harrapatuta. Hamabost amaiezin urte galaxien arteko linboan. Ezerezean. Noraezean.

XXI. mendearen hasieran, Ikertzaile talde gehienak argitu zuten metaltasun altuko izarrak ez direla oso egokiak planetetan bizia mantentzeko, isurtzen duten erradiazio ultramore motak ez duelako laguntzen ozono geruza trinko bat babesten. Halere, Lurraren kasuan etsaia ez zen eguzkia, ez zen kanpotik etortzen, barnetik baizik. Gobernuek ez zuten halakorik uste alproja haiek, eta kasurik ez egiteko erabaki zuten. Errukirik gabe. Gupidarik gabe. Inozoak.

Horretarako sortu zen misioa. Aldaketa klimatikoak erabat aldatuko duen etorkizun apokaliptiko batean, bizitzeko beste modu bat bilatzen saiatzen den bikote batek bizirautea lortuko balu, eskarmentu horretatik aprobetxatu daitezkeen ezaguerak oso baliagarriak izango lirateke, iragan orainaldi honetan. Espazio-denbora lerroa aldatu gabe, logikoki. Erabaki genuen denbora hain erlatiboa denez ez izateko iritsi arte moldatuko genuela. Topatutako mundua jasaezina zen.

Koloniak -Man uhartean eraikita- Irlandako itsasoan kokatuta, hegoaldeko haize bortitza pairatzen zuen egunero, goizez eta gauez. Atsedenik gabe. Kasandra eta biok, hautatuak, oso gogorrak ginen, baita ausartak ere, baina ez genuen espero hainbesteko egoera latzak.

Egunak igarotzen ziren ezer berezirik aurkitu gabe. Lurraren puntu guztietara bidalitako androideek ez zituzten inolako datuak jasotzen. Itsasoak, ibaiak eta lakuak lehor zeuden. Animali Guziak iraungirik. Espezie guztiak, izaki bizidun -eta hildako-guztiak desagertu egin ziren ez itzultzeko. Eta, jakina, giza arrazatik iragan arrakastatsuaren baten hondarrak baino ez ziren geratzen.

Paradisu bat arkeologoentzat. Espedizioaren aurreikusitako denbora bukatzear zegoen. Orduan, hirugarren hilabeteko hirugarren gauean zerbait harrigarria gertatu zen. Imajinaezina.

Lurrean eserita zerura begira geunden, gaueko ilunpean, eta, tupustean, ezerezetik agertu ziren. Instant batean lanbroa, eta argipean izua. Beren oihartzun gorgarrian ezkutaturik agertu ziren.

Zikoinak.
Milaka, milioika. Hegan.

Zerua estalita, ilunpean egon ginen hurrengo hiru egunetan, isiltasunean, hotsik atera gabe, hegazti-hodei osoa igaro arte. Ez genuen begirik itxi. Beldurgarrizko ekaitza zen eta uharte hartako harkaitzak jotzean ematen zuen txikituko zela.
Orduan ulertu genuen dena. Beraz, penaz eta etsipenez. bueltatzeko bidaia prestatu genuen. Behin betiko txostena amaitu ondoren itzultzeko prest geunden. Sortaldetik bueltatuko ginen lurmuturra gainditzeko.

Konklusioak, hauexek izan ziren:

“Lurra zapaldu dugu, bere osotasunean zapaldu dugu. Gogor hasi ginen borrokan biok, eta azkenik geuk gailendu dugu. Azkenik, suertatu egin da. Planetaren notarioak testamentuaren xehetasunak idatzi ditu. Ez dago zalantza askorik. Herentzian ezer ez.

Munduaren akabera.

Ez dugu geurea zaindu eta zikoinak izan dira bero-efektua jasan ahal izateko egokitu den espezie bakarra. Nola? Bada, hura irudikatzeko oso azkarra izan behar zen, baina, laburbilduz, bere kakari esker.

Urteetan, hanken gainean kakaztu dira gero eta itogarriagoa zen berotik hozteko eta babesteko, eta beroa jasateko gaitasuna lortu dute, zauriezin bihurtuz.

Egun handia da gaurkoa. Hitzez ez dago azaltzerik gure tristezia, baina jakizue, ez gaituk aterako gure planetatik!

Izenpea, Ismael Komandantea.”

Abenduaren azken egunak ziren.
  • Hits: 100