Skip to main content

Maxwellen deabrua

Digalmir

«Deabruak ez dira hilkorrak, baina haien grinak gizakumeen grinen antzekoak dira.»
San Agustin Hiponakoa

Ez dago arima batek benetan nahi duena deabru batek baino hobeto ulertuko duenik. Deabrua agertu zitzaidanean, ez zen bost hankadun lehoia edo gizontxo adardun gorria. Ez. Mirari zientifikoa zen. Ezinezkoak ziren gertakari gehiegi jazo ziren nire inguruan kasualitatea izateko. Eta konturatu nintzenerako, haren hitzek harrapatu ninduten.

«Nik badakit zu nor zaren, eta zer nahi duzun. Nola edo hala, lortuko zaitudala argi dago. Beraz, bidezkoa da zuk ni ezagutzea. Mesedez, utzidazu neure burua aurkezten. Izen asko dauzkat, antzina Buer deitzen ninduten kristauek, nire irakaskuntzei filosofia natural deitzen zieten garaian. Gaur egun horri fisika deritzo, eta nik nire azken jarraitzailearen izena jaso dut: Maxwell. Hura izan zen ni guztiz ulertu ninduen azkena, biok batera entropiarekin jolastu ginen, unibertsoaren legeei aurka eginez. Bere arima lortu nuenetik ez nuen beste inoren beharrik izan, baina eternitatea nahiko aspergarria egiten da, batez ere bukaeran. Horregatik arima berrien bila ibili naiz. Eta zu aukeratu zaitut. Bai. Zu.

«Gazte zara, gazte handinahia, gainera, laugarren zirkulurako aproposa. Eta zure ikerketak benetan merezi du, ez nuen espero XXI. mendean bigarren lege handia apurtu nahiko zuen inor aurkitzea. Maxwellek nire esku-hartzerik gabe azaldu ezin izan zuen makina sortu nahi izatea ere! Bazenekien unibertsoan desordena beti handitzen dela, baina horri kasurik egin gabe ezinezkoa den proiektu honetan sartu zinen, benetan miresgarria gizakion kemena. Ideia onak izan dituzu, entropia alderantzikatzeko bidea aurkitu duzula dirudi. Baina nik bezain argi ikusten duzu ikerketa luzea izango dela. Luzeegia. Asimovek abisatu zintuen: zenbat denbora behar izan zuen Multivacek arazo bera argitzeko? Baina ni zerbaitetarako etorri naiz, ezta?

«Utzidazu tentatzen. Hasieran ez zinatekeen ohartuko, baina zure inguruan mirari termodinamikoak gertatu dira. Baliteke kaletik ibiltzean potxingo bat izotz kubo bihurtzen ikusi izana, edota laborategian bi gas batzea baina ez nahastea. Ni izan naiz. Han, zure makinan sartuta, atomoekin jolasean ibili naiz. Eta jolasak limurtu zaitu, ez iezadazu ezetzik esan. Hori lortzeko gakoa zein den ezagutzeak erre egiten zaitu, baina ezinezkoa da hori gizaki batek bakarrik argitzea. Belaunaldi batzuk barru, zure lanean oinarrituta norbaitek uler lezake. Baina gai al zara sekretua jakin gabe hiltzeko? Ez. Noski ezetz. Nola lortuko duzu bakean atseden hartzea mundua erabat ulertu gabe?

«Baina ez zaitez larritu. Tratu ikaragarria izango da. Nire laguntzarekin zu zeu ikerketa bukatzera helduko zara, entropiari buelta eman zion lehen zientzialaria! Zure abizenarekin ehun urte barru edozein magnitude neurtzeko unitate bat izendatuko dute. Baina ez da ospea zure arimak gehien desiratzen duena, ez. Ulermena da, lege fisikoak menderatzea. Jakinduriak bakarrik ase dezake zure arima. Ni arduratuko naiz horretaz guztiaz. Zuk egin beharreko bakarra tratua onartzea da.

«Espero dut zure arima eskuratu ondoren gehiagoren beharrik ez edukitzea denbora luzez. Oso erraza da zuok, zientzialariok, harrapatzea. Baina oso aspergarria. Errepikakorra. Gainera, beti berdina bilatzen duzuenez, tentazioa beti izan da eraginkorra, zientzialari guztiekin. Aurkikuntza handi guztien atzean nire tentazio bat egon da; grabitatea laguntza barik azaldu zela uste zenuen ala? Arima hura lortzeaz bereziki harro nago, egia esan. Deabruok abilak gara sagarrekin. Erakusten dizuedana garaiaren arabera aldatzen doa, noski. Lehen grabitatea, orain entropia, eta etorkizunean partikula kuantikoen abiadura eta posizioa nola neurtu, baina funtsean berdin-berdina da. Eta handik behetik igotzea hain da aspergarria… Behin gizakion munduan sartuta, esperantza erabat galtzen dut. Hainbeste arima huts, anbizio gabeak… Nazkagarria da. Baina horrek guztiak berdin du, zurekin mende dibertigarri batzuk emango ditut, ziur.»

Eta berak esandakoa gertatu zen. Hitzez hitz. Ez nion aurka egin, ez nuen salbaziorik bilatu. Aldiz, neure borondatez eman nion nire arima. Ezagutzeko nuen gogo bizia nire ekintza guztien eragile bihurtu zen. Aste askoz ez nuen berarekin lan egitea ez zen beste ezer egin. Eta gozatu nuen. Asko gozatu nuen. Denbora ikerketa luzean galdu beharrean, aurkikuntzaren aplikazio guztiekin jolasten eman nuen: denbora-makina asmatzeko lehen pausoa eman nuen, nik neuk, XXI. mendean. Denboraren gezia apurtuta, orain nire menpe zegoen. A ze emozioa!

Eta badakit orain, hilzorian, itun hura madarikatu beharko nukeela, eternitatean nire arima babesten saiatu. Ez dit inporta, zintzoki. Ez naiz egindakoaz batere damutzen. Ezta pittin bat ere.