Skip to main content

KINADA

Amaiur

Kinada bat naiz, edo hori uste dut. Ez dakit nola edo zertarako sortu ninduten, bakarrik argi elektriko baten antzera, axoi baten bidez abiatu behar naizela garunera mezu bat eramateko. Ez dut begirik, ez dut bihotzik, baina energia naiz. Mugimendua naiz. Mezu bat naiz.

Hasieran dardara moduko bat sentitu dut. Axoi luze baten barruan nago, eta paretak itxita daude, baina ate txikiak irekitzen eta ixten dira nire aurrean. Kanal ionikoak dira, ez dakit nola edo zergatik baina informazio hori badakit. Ate bakoitza zeharkatzen dudanean, indarra berritzen zaidala sentitzen dut. Ez naiz ahultzen; aurrera noa beti intentsitate berean. Horixe da nire trebetasuna, nire legea. Batzuetan, mielina geruza batek estaltzen du bidea. Orduan, jauzi egiten dut. Ez dut pauso txikirik ematen; nodo batetik bestera salto egiten dut, azkarrago, arinago. Haizea izango banintz edo lasterketa batean egongo banitz bezala sentiarazten dit horrek.

Baina bidea ez da beti zuzena. Sinapsi batera iristen naizenean, amildegi txiki bat agertzen da nire aurrean. Ez naiz zuzenean pasatzen. Hemen, nire energia kimika bihurtzen da. Besikulek neurotransmisoreak askatzen dituzte, eta haiek zeharkatzen dute hutsune txikia. Une horretan, itxaropen moduko bat sentitzen dut. Isiltasun labur bat. Hau al da amaiera? Hemen amaituko al da dena?

Ez. Beste aldean, hartzaileak aktibatzen dira. Beste neurona batek nire mezua jasotzen du. Eta ni berpiztu egiten naiz, beste bulkada batean bihurtuta. Berriro korrika, berriro ezer jakin gabe, berriro ezer ulertu gabe. Bidea egiten jarraitu behar dudan ahots bat entzuten dut nire buruaren barruan, kasu egitea erabaki dut, ez dut zergaitia ulertzen baina kasu egitea erabaki dut. Bidean, beste bulkada asko gurutzatzen ditut. Batzuk azkarrak dira, beste batzuk motelagoak. Denok gara informazioa. Modu batean edo bestean, denok gara gorputzaren hizkuntza isila.

Azkenean, garunera iristen naiz. Hemen dena konplexuagoa da. Neurona sare trinkoak, milioika konexio. Nire mezua interpretatua izango da: “hotza dago”. Eta une horretan, kontzientzia sortzen da. Nire nagusiak, hau da, pertsonak, eskuak mugitzen ditu, beroa bilatzen du…Eta ni? Ni desagertu egingo naiz, baina ez naiz galduko. Nire lana eginda dago. Beste kinada batzuk jaioko dira, beste bidaia batzuk hasiko dira. Ni txikia naiz, milisegundo batzuetako existentzia dut. Baina niri esker, pentsamendua, sentimenduak, mugimendua existitzen da. Bizitza mugitzen da. Kinada bat naiz eta nire bidaia, segundo baten zatitxo batean, bizitza posiblea sortzen dut.